Monthly Archives: maiatza 2012

Alicia, En Familia! eta beste liburu batzuk

Estandarra

Asteak daramatzagu liburu berrien aipuak egin gabe. Princesas izan zen aipatu genuen azkena eta berau amaitu bezain laster, Rebecca Dautremerrek ilustratutako Lewis Carrollen (bere benetako izena Charles Lutwidge Dodgson zen) Alicia en el pais de la maravillas liburua hartu genuen liburutegian, originala 1865. urtean argitaratu zuen idazleak.


Irakurri gabe geneukan klasiko hau, eta orain marrazki paregabe hauen laguntzaz, gozatzen gabiltza liburua. Aukerarik izanez gero hartu eskuartean eta eman begiratu bat liburuari, merezi du eta!
Ez dakigu Lewisek tripi bat jan zuen liburua idazterako, baina sortu zuen errealitate bitxia magikoa da! Liburu honetan modu ezin hobean ilustratzen dira istoriako leku eta pertsonaiak. Tim Burtonen filma ikusi dugunoi konparaketa egiteko ere balio digu!
Nerea Altunak gomendio bat egin zigun emailez, Alexandra Maxeiner eta Anke Kuhl en ¡En Familia! liburua. 2011n Alemaniako gazte literaturaren saria jaso duen liburua Arrasateko liburutegitik ekarri ziguten Bergarara.
Oso liburu interesgarria iruditu zaigu, familia eredu ezberdinak lantzeko ezin aproposagoa! Barre ere egin dugu ilustrazioekin eta familia ezberdinak aurkezteko moduarekin, eta hori ez da gutxi! Haur nagusitxoekin (7-8) irakurtzeko liburu polita iruditu zaigu. Eskerrik asko Nerea!


Aste honetan etxean ohiko bilakatu diren Mariasun Landa eta Pello Añorgaren beste bi liburu ere ekarri ditugu.
Ipurtargiak paradisuan; Mariasun Landa eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak, Adan eta Evak paradisuan izan zuten abenturaren bertsio berezia aurkezten digute, animalia guztien artean ipurtargiak dira aukeratuak, hauek erakutsiko diote bide “zuzena” mundu kristauko bikote famatuari!
Ni ez naiz Txerria; Jokin Mitxelenak ilustratu eta Pello Añorgak idatzitako liburuan haserrea eta sorkuntza uztartzen dira. Berak egindako marrazki bategatik txerri deitzen hasi zaizkio protagonistari!
Azken bi liburu ere aipatu nahi ditugu. Mozarten Sekretua liburuan, Mikel Valverdek, Mozart gaztearen bizitzako egun bat kontatzen digu. Ernestino Charmeroix gaiztoari musikaren bitartez gailentzen zaio Mozart!
Lola Casas eta Gusti ilustratzale Argentinarraren Ernesto liburuaren amaierak barre eragin digu. Animalia ezberdinak modu berezi batean ilustratuak agertzen zaizkigu liburuan zehar! Ernesto lehoi gosetuarekin ehizara joateko aukera polita da liburua!

Advertisements