Monthly Archives: martxoa 2012

Juul: hunkigarria, gogorra, baliogarria.

Estandarra

 

Aste honetan liburu berezi eta gordin bat ezagutu dugu, Juul. Haur eta gazteen arteko tratu txarrei Bulling deitzen badiegu; Juul, haurren arteko bulling kasu baten kronika gordina izan daiteke.

Gregie de Maeyer eta Koen Vanmechelenek belgikan irakurri zuten albiste bat eta gero sortu zuten Juul proiektua. 13 urteko gazte batek bere buruaz beste egin zuen inguruko gaztetxoek eragindako tratu txarrak zirela eta…

Guztiok ezagutzen ditugu antzeko egoerak, deitu bulling deitu nahi dugun moduan. Liburuak hunkitu gaitu, ez dakit Maliri kontatuko diogun, eta kontatzen badiogu, koxkortzean, eta kontu handiz izango da gainera. Hausnarketarako liburu bat, oso ondo egina, eta gaia jorratzeko eskolan lantzeko modukoa. Egurrezko eskultura ezberdinez osatutako ilustrazioak dira kontaketaren hariari jarraitzen diotenak.

Ahizpa lapurrak eta otso indartsua!

Estandarra

 

Eguzkiaren dizdira nahi zuten ahizpak!
” Tres hermanas ladronas” liburua deskubritu genuen pasa zen asteko liburu sortan.  Txabi Arnal idazleak hiru ahizpa lapurren istoria kontatzen digu, hirurek dute eguzkia baino dizdira handiagoa izateko nahia, eta horretarako lapurtzen dituzte ondasun ezberdinak, urrezko bitxiekin sartuko dira uretan, ilargiaren dizdira ere lapurtu nahi dute! Baina nola lortuko dute benetako dizdira?barruko dizdira?  Justa, hiru ahizpetan gazteena da, barneko dizdira lortzeko bidea aurkituko duena.

Elena Odriozola dugu ilustratzailea, bere marrazkiek ipuina laguntzen dute baina bakoitzak bere baitan ere istorio ezberdinak kontatzen ditu.

Irakurtzen ditugun liburu askotan agertzen da “otsoa” pertsonaia; otsoa, piztia, mamua…  ipuinaren protagonista beldurtzen duena, bere “etxean” sartu nahi duena, bere ohe azpian ezkutatzen dena… txanogorritxuren otsoa, hiru txerritxoen otsoa, denok ezagutzen dugu, denok izutu gara otso beldurgarri horiekin. Neu naiz indartsuena liburuan otso beldurgarria  basoko beste animaliekin hitz egiten doa, bera indartsuena dela sinetsiz. Baina benetan ote indartsuena?

Otso beldurgarria barregarri uzteko aukera eskaintzen digu liburuak.

Mario Ramos da liburuaren egilea.

 

IPUINAK AMESTEN

Estandarra

 

Blog honetan liburu ezberdinak aurkezten ditugu, baina astero astero irakurtzen ditugunetatik gutxi batzuk besterik ez dira agertzen.

Non aurki ditzakegu liburu gomendagarriak? Gu baino adituagoak direnak gomendatutako liburuak? Honi erantzuteko helbide ezberdinak aurkeztuko ditugu post batzuetan.

 

Soñandocuentos. Españolez dauden liburuak aurkezten zaizkigu web honetan. Espainiako 3 irakasleren ekimenez sortutako blog bat da, bertan haurrentzako liburuak gomendatzen dira eta geletan erabiltzen dituzten, hau da, frogatuak dituzten liburuak izaten dira guztiak.

 

Irakasleentzako blog bat izateko jaio omen zen Soñandocuentos, baina irakasle ez garenontzat ere gomendagarria da. Blogaren goiburuan agertzen den ilustrazioa Raquel Díaz Reguera ilustratzailearena da, polita benetan.

http://sonandocuentos.blogspot.com.es/

 

SCOTT BARBERENAREN BIZITZAKO LEHEN PAUSOAK

Estandarra

Liburutegian hartu genuen, eta astebetera gure etxeko liburutegirako erosi. Ez da ohikoa Jose Luis Zumeta bezalako artista konsagratu batek  haurrentzako liburu bat ilustratzea. Pako Aristi eta Zumetaren arteko elkarlan honek harrapatu gintuen. Scott Barberenaren mundu magikoan pertsonaia bitxiak agertzen zaizkigu, erlojua, robota, kandela… eta hauekin batera mutikoaren barneko mundua, beldurrak eta ilusioak ezagutu edo irudikatzeko aukera daukagu.
Zein polita litzakeen liburuko pertsonaiekin batera Pernanbukora bidaia egitea.

Baratzeko misterioa. Kalandraka

Estandarra

 

Pasa den asteko liburuetatik bat aukeratu dugu aitzakia moduan, “Baratzeko misterioa”. Aitzakia Kalandraka argitaletxeaz hitz egiteko.  Ideia askorik izan gabe argitaletxe honek  arreta piztu zigun. Gaur egun, K duen liburu bat ikusten dugunean berehala jotzen dugu berau hartu eta irakurtzera.

1998. urtean sortutako argitaletxe galiziar honek asko zaindu ditu liburuen ilustrazio eta aurkezpena, eta sari ezberdinak ere irabazi ditu. Galegoz argitaratzeaz gain gaur egun euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan ere argitaratzen ditu (ez liburu denak).

Beraien web gunean ikus daitekeenez bilduma ezberdinak dituzte; amets egiteko liburuak, klasikoak, autoreen liburuak… azken urteetan bilduma hauetako liburu ezberdin ugari ezagutu ditugu eta guztiak zaintzen dute aurkezpen eta edukia.

Arazo bakarra ikusten diegu Kalandrakako liburuei, guretzat garestiegiak direla, liburu bakoitzak 12-15 euro balio ditu. Honegatik eskertu genuen liburutxoen bilduma ezagutu genuenean, 7 liburutxoz osatutako kaxak 10 eurotan, liburu handien miniaturak. Euskarazko 3 kaxak erosi genituen eta zain gaude ea beste hirurak aterako dituzten edo erdarazkoak erosi beharko ditugun. Ezin esan berdina denik baina tira…

Baratzeko misterioa liburuan, haur baten abenturatxoa kontatzen zaigu, altxor bat aurkitzeko balentria (ganbarara igotzea),  bertan aurkituko duen altxor preziatua (lupa bat) eta honekin argituko duen misterioa. Helduontzat arruntak edo ohikoak diren leku eta objetuak magiko bihurtzen dira haur baten begiez ikustean. Lawrence Schimel da idazlea eta Sara Rojo ilustratzailea.

Berunezko soldadutxoa eta Barby ilehoria.

Estandarra

Hans Cristian Andersenek idatzitako “Berunezko Soldadutxoa” ipuin klasikoan oinarritzen da aurkeztea nahi dizuegun liburu hau. Aspaldi ezagutu genuen eta aste honetan bertan liburu dendan eskatu eta erosi dugu. Jorg Muller da egile eta marrazkilaria, eta testu gabe, irudi landuen bitartez kontatzen digu istorio bikain hau.

Andersenen ipuinean bezala, hanka bat falta zaion soldadutxoa da protagonistetako bat, bestea berriz, Barby ilehoria da. Gaur egungo europako herrialde baten kokatzen da ipuinaren hasiera. Hemen ohikoa den bezala, jostailu eta orokorrean gauza guztien bizitza laburrak eraginda,  Barby eta soldadutxoak zaborretan amaitzen dute. Amaiera izan zitekeena ipuineko bi protagonisten bidaia luzearen hasiera besterik ez da.  Ipuin honek badauka kritika soziala, badauka magia, badauka zerbait berezia.

Hitzik gabe, testurik gabe, bidaia gogorra bezain harrigarria kontatzen zaigu. Haurrek,

(baita guk ere) orrialde bakoitzean gure munduaren izpitxoak aurki ditzazkegu: kontsumismoa, munduko injustizia, diruaren boterea, gure logikaren absurdoa… Benetan gomendagarria!